Taupan estrategiak eta diskurtsoak berritzen: Batera Jauzitik ikasitakoa

Euskararen biziberritzeak aurrera egiteko, ezinbestekoa da aldiro diskurtsoak eguneratzea. Horixe izan zen Taupak 2023an Batera Jauzi gizarte laborategian egindako ibilbidearen abiapuntua: euskararen aldeko estrategiak eta diskurtsoak gaur egungo jendarte anitzarekin konektatzeko gai izatea.

Lehenengo ikaskuntza nagusia begirada zabaltzea izan zen. Ohiko euskalgintza tradizionaletik harago, askotariko eragileekin elkarrizketa prozesu aberatsa garatu zen: gazteak, mugimendu feministak, migratuak, arlo sozioekonomikoko eragileak, erdaldunak… Helburua ez zen soilik euskararen aldeko diskurtsoa indartzea, baizik eta gizartearen kezkekin eta borrokekin gurutzatzea. Prozesu horrek agerian utzi zuen hizkuntzaren etorkizuna ez dela soilik hiztunena, baizik eta komunitate osoarena. Eta, ondorioz, diskurtsoak ere komunitate osoa interpelatzeko modukoak izan behar duela.

Bestalde, diskurtsoan berrikuntza sakonagoak agertu ziren. Batetik, hizkuntza minen kontzeptuak indarra hartu zuen: hizkuntza gutxituen inguruan bizi izan diren zauri kolektiboak —lotsa, bazterketa, galeraren mina— aitortzea ezinbestekoa dela ulertu zen, etorkizuneko diskurtsoak eraikitzeko. Bestetik, euskaldun inperfektuaren aitortzak zentralitatea hartu zuen. Hiztun ereduen inguruko ikuspegi itxiek askotan kanporatu egin dituzte pertsona asko; aitzitik, biziberritzeak aniztasuna eta ibilbide ezberdinak barneratzeko beharra azaleratu zen eta ezberdinen arteko harremanak ugaritu beharra.

Azkenik, ikuspegi sistemikoak ekarri zuen berrikuntzarik handiena. Hizkuntza ez da soilik erabilera edo motibazio kontua, ekosistema oso baten emaitza da: baldintza sozialak, ekonomikoak, kulturalak eta politikoak gurutzatzen diren espazio bat. Ikuspegi honek diskurtsoa indibidualetik kolektibora eramaten du, eta erantzukizuna ere partekatzen du.

Batera Jauziko esperientziatik ikasi dugu diskurtsoak berritzea ez dela ariketa teoriko edo akademiko hutsa, komunitatea entzutetik, zauriak aitortzetik eta etorkizuna modu kolektiboan irudikatzetik abiatzen den prozesua dela.

Horretarako harreman askoz gehiago lantzea komeni da ohiko euskalgintzatik kanpo, askoz harreman sare sendoagoak behar ditugu gure herri eta auzoetan, askotariko komunitateen artean, euskarara hurbiltzeko beharra dutenekin edota ahaleginean dabiltzanekin. Diskurtsoak ibilbide horiek laguntzeko egokitzea gero eta garrantzitsuagoa izango da, eta horretarako guztirako euskaldun euskaltzaleon lan hori lagundu, ahalduntzeko tresnak eskaini eta diskurtsoetan janzteko tresneria berriak beharko ditugu. Lan bikoitza dugu, euskaldun euskaltzaleentzat motibagarriak izango diren diskurtso kohesionatzaileak lantzea eta, era berean, inguru ez euskaldunarekin edo euskalduntzeko ibilbidean puntu ezberdinetan daudenekin harreman eta diskurtso egokituak lantzea. Bata eta bestea.

Eta hor dago, hain zuzen ere, euskararen biziberritzearen hurrengo jauzia.