Tarifit hizkuntza zaintzeko bideak

2025eko uda amaieran, Plazara eta Garabideko kideek Rifera egindako bidaian, Amazigh komunitateko gazteekin elkartu dira hizkuntza biziberritzearen inguruan hausnartzeko. Topaketaren helburua izan da diasporako eta tokiko ekintzaileak biltzea, sareak sortzea eta hizkuntzaren etorkizunaz elkarrekin pentsatzea.

Eztabaidetan agertu dira erronka nagusiak: baliabide falta eta gobernuaren presioa. Hala ere, azpimarratu dute egoera zailenetan ere ekimen eraginkorrak sortu daitezkeela. Haien etorkizunaren aktore bilakatzea dute erronka.

Diasporaren rola ere funtsezkoa dela nabarmendu dute, emigrazioak hizkuntzaren transmisioan eragin handia duelako.

Bestalde, kulturaren bidez berpizkunde bat gertatzen ari da, batez ere musikan, zineman eta tradizioen berrinterpretazioan, bai Rifen bai diasporan.

Ondorio nagusia: elkartrukeek eta elkarlanek hizkuntza biziberritzeko borrokak indartzen dituzte. Han eta hemen.