Antolatzaileek BIHAR kongresua aurkeztu dute Hendaian

Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Plazara eragileek “BIHAR” kongresua aurkeztu dute Hendaiako Borderline gunean. Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua leloa duen Nazioarteko Kongresuak, eduki akademikoak, gizarte-aktibismoa eta arte-adierazpena uztartuko ditu, Hego Globaleko eta euskal mugimenduko eragileen parte-hartzearekin.

Lau egunetan zehar hitzaldiak, mahai-inguruak, tailer parte-hartzaileak eta espazio kulturalak eskainiko dira, aurreko bi faseetan (diagnostikoan eta sozializazioan) bildutako irakaspen, diskurtso eta esperientziak erdigunera ekarriko direlarik. Kongresua adierazpen parte-hartzaile baten argitalpenarekin eta sare global berri baten eraketarekin amaituko da.

Antolatzaileen esanetan, “BIHAR Nazioarteko kongresuak inflexio-puntu eta abiapuntu bat izan nahi du, diskurtsoak ardatz hartuta, komunitateen arteko elkarlana indartu, hizkuntzen gutxitze-prozesuen zergatiak aztertu eta biziberritzerako bide partekatuak sustatzeko”. Publiko zabalari irekitako kongresu horretan parte hartu nahi dutenek gaurtik goiti izena emateko aukera dute jada webgunearen bitartez.

Kongresuaren egitaraua, labur

  • Irailak 23 — BILBO- EUSKALDUNA JAUREGIA: Kongresuaren hasiera ekitaldia.
  • Irailak 24-25 — FICOBA (Irun): Kongresuaren muina: hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak. HENDAIA: programazio artistiko-kulturala.
  • Irailak 26 — HENDAIA: adierazpenaren aurkezpena eta itxiera ekitaldia.

Egitaraua kontsulta dezakezu HEMEN.