Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Plazara eragileek “BIHAR” kongresua aurkeztu dute Hendaiako Borderline gunean. Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua leloa duen Nazioarteko Kongresuak, eduki akademikoak, gizarte-aktibismoa eta arte-adierazpena uztartuko ditu, Hego Globaleko eta euskal mugimenduko eragileen parte-hartzearekin.
Lau egunetan zehar hitzaldiak, mahai-inguruak, tailer parte-hartzaileak eta espazio kulturalak eskainiko dira, aurreko bi faseetan (diagnostikoan eta sozializazioan) bildutako irakaspen, diskurtso eta esperientziak erdigunera ekarriko direlarik. Kongresua adierazpen parte-hartzaile baten argitalpenarekin eta sare global berri baten eraketarekin amaituko da.
Antolatzaileen esanetan, “BIHAR Nazioarteko kongresuak inflexio-puntu eta abiapuntu bat izan nahi du, diskurtsoak ardatz hartuta, komunitateen arteko elkarlana indartu, hizkuntzen gutxitze-prozesuen zergatiak aztertu eta biziberritzerako bide partekatuak sustatzeko”. Publiko zabalari irekitako kongresu horretan parte hartu nahi dutenek gaurtik goiti izena emateko aukera dute jada webgunearen bitartez.
Kongresuaren egitaraua, labur
- Irailak 23 — BILBO- EUSKALDUNA JAUREGIA: Kongresuaren hasiera ekitaldia.
- Irailak 24-25 — FICOBA (Irun): Kongresuaren muina: hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak. HENDAIA: programazio artistiko-kulturala.
- Irailak 26 — HENDAIA: adierazpenaren aurkezpena eta itxiera ekitaldia.
Egitaraua kontsulta dezakezu HEMEN.

