Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak urtero antolatzen duen Taupada jardunaldiaren aurtengo edizioa BIHAR egitasmoaren baitan kokatuko da. 2026ko ekainaren 4an, 09:15-14:00, Romo kultur etxean (Getxo) izango da eta hizkuntzen biziberritzean kontakizun eta diskurtsoetan jarriko du fokua.
Hortik jaio da Biharko Taupada.
Goiz beteko egitarauan, bi ekarpen jaso nahi dira, batez ere. Batetik, jaso nahi da zein kontakizun berritzaile edo interesgarri egiten ari diren Hego globaleko hizkuntza gutxituak. Bihar kongresuaren baitan egin den ikerketa ekarriko da, zeinetan 70 hizkuntza komunitate inguruko diskurtsoak aztertu diren ikuspuntu intersekzional batetik. Sozializazio fasea abian da azken asteetan, ikerketa hori Euskal Herriko mugimendu eta eragile ezberdinekin partekatzeko, eta gogoeta saio horietan jasotako lehen emaitzak ere ekarriko dira Biharko Taupadara.
Bestetik, ikuspegi intersekzionala aintzat hartuz, entzungo da nola josi daitezkeen hizkuntzaren inguruko kontakizunak antiarrazismo, feminismo eta ekologismotik datozenekin. Zer ikas dezakegu mugimendu ezberdinetatik? Nondik elikatzen ditugu diskurtso horiek? Zerk balio dezake euskararen biziberritzerako?
Izen-ematea zabalik da Tauparen webgunean eta egitaraua kontsultatzeko aukera ere badago bertan.


