Munduan 7.000 hizkuntza inguru daude, eta guztiek ez dute egoera bera. Hizkuntza batzuk txikiak dira; beste batzuk, berriz, handiak. Batzuk nagusiak edo dominanteak dira, eta beste batzuk gutxituak edo minorizatuak, besteak beste. Azken horien artean, beren hizkuntzari arnasa eman eta biziberritzeko lanean ari diren hizkuntza-komunitateak aurki ditzakegu.
Biziberritzen ari diren hizkuntza gutxituez hitz egiten dugunean, hainbat esparrutan espazioak eta funtzioak berreskuratzen ari diren hizkuntza-komunitateen lanaz ari gara: hezkuntza-sisteman, helduen alfabetatzean, hizkuntzaren estandarizazioan eta beste hainbat arlotan.
Baina, zein dira prozesu horiek abiarazteko arrazoiak? Zein motibazio eta argudiok bultzatzen dituzte? Zergatik biziberritu behar ditugu hizkuntza gutxituak?
Biziberritze-prozesu ororen muinean, eta halako prozesu batean murgilduta dagoen hizkuntza-komunitate ororen bihotzean, kontakizunak daude: norabide kolektibo bat emateko eta etorkizun partekatu bat irudikatzeko tresnak.
BIHAR egitasmoak, hain zuzen ere, kontakizun horietan jartzen du arreta. Inflexio-puntu eta abiapuntu izan nahi du, diskurtsoak ardatz hartuta, komunitateen arteko elkarlana indartzeko, hizkuntzen gutxitze-prozesuen arrazoiak aztertzeko eta etorkizunera begira biziberritze-bide partekatuak sustatzeko.

