Diagnostikoa

Hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko diskurtsoak

2025ean, munduan zehar biziberritzen ari diren hizkuntzen inguruko diskurtsoak bildu ditugu. Horretarako, nazioartean aktibo dauden zenbait hizkuntza-komunitatetako ahotsak jaso dira, bereziki biziberritze-prozesuetan aktibo dauden hizkuntza gutxituetako testuinguruetan.

70 hizkuntza komunitate inguruko diskurtsoak aztertu dira ikuspuntu intersekzional batetik.

Guztira, munduko bost kontinenteetan zehar kokaturiko 70 hizkuntza komunitate inguruko diskurtsoak aztertu dira ikuspuntu intersekzional batetik. Hizkuntza-komunitate horietako batzuen hizkuntzak honako hauek dira: aimara, bubia, kitxua, kurduera, maoria, santalia, sencotena, nquiyaampaa, tonga, balinesera, frisiera, dumia, katalana, hawaiiera, maasaia, maputxea, besteak beste.

Ikerketa metodoak, elkarrizketa sakonak eta eztabaida taldeak

Ikerketan metodo kualitatiboak lehenetsi dira elkarrizketa sakonak zein eztabaida-taldeak eginez. Osagarri gisa, era berean, erakundeek eta hiztun-komunitateek sortutako dokumentu-kopuru esanguratsua aztertu da.

Eragile giltzarrien jarduna ezagutu

Azterketak narrazio-elementu nagusiak identifikatzeko helburua izan du, eragile giltzarrien jarduna ezagutuz. Fase honen emaitza Hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko diskurtsoen diagnostikoa da.

Diagnostikoa osatzeko funtsezkoa izan da hainbat erakunderekin abiatutako lankidetza: First People’s Cultural Council (FPCC), Endangered Languages Project (ELP), Associació Linguapax Internacional, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, eta HIGA Hizkuntza gutxituetako gazte hiztunen topaketa.