Sozializazioa

Gizarteari helarazi

Diagnostikoaren emaitzak euskalgintzarekin zein Euskal Herriko bestelako gizarte mugimenduetan inplikatutako eragileekin partekatuko ditugu 2026ko udaberrian. Horrela, BIHAR egitasmoaren bigarren ardatza den sozializazio- eta gogoeta-prozesua eramango dugu aurrera.

Guztira, hogei lan-saio eta mintegi bateratua antolatu dira Euskal Herri osoan zehar, eta 100 eragiletik gora arituko dira parte hartzen. Eragile horiek arlo sozial ezberdinekoak izango dira: euskalgintza, feminismoa, ekologismoa, gazte mugimenduak, migranteen elkartasun kolektiboak, LGTBIQ+ mugimendua, arrazakeriaren aurkakoa eta lankidetza, besteak beste.

Gune horiek aukera gisa ulertzen ditugu euskal mugimenduaren interpretazio-markoak eguneratzeko, hizkuntza biziberritzea beste aldarrikapen sozial batzuekin lotuz. Diagnostikoko ekarpenak oinarri hartuta, arreta berezia jarriko diogu munduko hizkuntza komunitateekin harreman bidezko eta orekatuak sortzeari, eta hizkuntza komunitateen barne-aniztasuna aitortzeari.

Helburua da gaitasun kolektiboak indartzea, tokian tokiko zein nazioarteko testuinguruetan diskurtso eraldatzaile, inklusibo eta intersekzionalak sortu ahal izateko.

Jarraian dituzu Euskal Herrian zehar egingo diren lan-saioak, baita prozesua borobiltzeko egingo den BIHARko Taupada mintegia ere:

  • Apirilak 14 eta 28: Iruñea
  • Apirilak 15 eta 29: Durango
  • Apirilak 16 eta 30: Andoain
  • Apirilak 21 eta maiatzak 5: Barakaldo
  • Apirilak 22 eta maiatzak 6: Donostia
  • Apirilak 23 eta maiatzak 7: Gasteiz
  • Maiatzak 12 eta 26: Baiona
  • Maiatzak 13 eta 27: Bilbo
  • Maiatzak 14 eta 28: Arrasate
  • Maiatzak 15 eta 29: Laudio
  • Ekainak 4: BIHARko Taupada