2025eko urriaren 16tik 17ra, Azpeitiko Soreasu antzokian egin zen “Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean” nazioarteko konferentzia, Soziolinguistika Klusterra-k, UEMAk, UEUk eta Coppieters Fundazioak elkarlanean antolatuta.
Bi eguneko jardunaldiak arnasguneen kontzeptua eta haren garrantzia izan zuen ardatz, hau da, hizkuntza gutxitu batek erabilera sozial sendoa duen lurralde edo espazioen rola hizkuntza biziberritze prozesuetan. Konferentziaren helburu nagusiak bi izan ziren: alde batetik, arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz nazioarteko gogoeta sustatzea; eta bestetik, espazio horien egoera soziolinguistikoa indartzeko neurri eta proposamenak plazaratzea.
Egitarauan Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariek hartu zuten parte, besteak beste Gales, Eskozia edo Kanadako esperientziak ekarriz, eta gaiari ikuspegi askotatik heldu zitzaion: dinamika soziolinguistikoa, hizkuntza-politika, garapen sozioekonomikoa, lege-babesa edo hiztunen ahalduntzea, esaterako.
Topaketak 250 lagun inguru bildu zituen Azpeitian, hizkuntza gutxituen biziberritzean diharduten aditu, ikertzaile, erakunde publikoetako ordezkari eta gizarte eragileekin, eta horrela, arnasguneen kontzeptua, euskal testuinguruan landua, nazioarteko elkarrizketan kokatu zen, beste hizkuntza komunitate batzuen esperientziekin kontrastean.

