2025ean, munduan zehar hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren komunitateen diskurtsoak bildu dira. Zehazki, 70 hizkuntza-komunitateren narrazio-elementuak aztertu dira, intersekzionalitatea ardatz hartuta. Lan horren emaitza da hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko diskurtsoak identifikatzen dituen diagnostikoa, hizkuntza-aniztasunaren eta komunitateen beharrizanen ikuspegi zabalean oinarritua.
Soziolinguistika Klusterrak lideratuko lehen ardatz honetan, diagnostikoa osatzeko funtsezkoa izan da hainbat erakunderekin abiatutako lankidetza: First People’s Cultural Council (FPCC), Endangered Languages Project (ELP), LINGUAPAX, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, eta HIGA Hizkuntza gutxituetako gazte hiztunen topaketa.
BIHAR egitasmoko lantaldeari eskainitako diagnostikoaren barne aurkezpenarekin batera, nazioarteko diagnostikotik, Euskal Herrian aurrera eramango den sozializazio-prozesura igaro da BIHAReko antolaketa taldea, urte berria hastearekin batera.
Horrela, Taupa Mugimenduko kideen gidaritzapean, 2026ko udaberrian, diagnostikoaren emaitzak Euskal Herriko euskalgintzarekin eta bestelako gizarte mugimenduetako eragileekin partekatuko dira. Guztira, hogei lan-saio antolatu dira Euskal Herri osoan, eta 100 eragiletik gora parte hartzea aurreikusten da. Eragile horiek arlo sozial ezberdinekoak izango dira: euskalgintza, feminismoa, ekologismoa, gazte mugimenduak, migranteen elkartasun kolektiboak, LGTBIQ+ mugimendua, arrazakeriaren aurkakoa eta lankidetza, besteak beste. Lan-saio horiek borobiltzeko, mintegi bateratua egingo da.
Prozesu honen erronka nagusia da hizkuntzen biziberritze prozesuak beste aldarrikapen sozial batzuekin lotzea, komunitateen behar eta interesen ikuspegia zabaltzeko.

