Kongresuaren azken xehetasunak aurkeztu dituzte babesleen eskutik

Bi aste gelditzen direlarik  BIHAR Nazioarteko Kongresua hasi aitzin, antolatzaileek azken xehetasunak aurkeztu dituzte proiektuaren babesleekin batera Ficoban. “Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua” leloa daraman Kongresuan, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak ekarriko dira erdigunera. Irailaren 23tik 26ra, hainbat gai landuko dira ikuspegi akademikoa, gizarte-aktibismoa eta kultur adierazpenen bidez: identitatea, ezagutza komunitarioa, komunitateen aktibazioa, kultura-biziberritzearen inguruko iruditegi partekatuak, adimen artifizialaren ekarpenak…

Lau egun, hiru herri eta babesle sare handia

Orotara munduko txoko desberdinetatik etorritako 40 hizkuntza-komunitate ordezkatuak izanen dira eta 200 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute lehen edizio horretan.  Eguneko mintzaldi eta mahai inguruez gain, arratsetan ekitaldi kultural irekiak antolatuko dira publiko zabala biltzeko asmoz (kontzertu, dantza saio…). Irailaren 26an, Europako hizkuntzen egunaren karietara, hizkuntzen altxatze kolektibo eta ibiltaria antolatua da. Euskara eta mundu mailan biziberritzen ari diren hizkuntzen alde diren herritar guziei parte hartzeko deia luzatua zaie.

BIHAR egitasmoak hainbat erakunde publiko eta instituzionalen babesa jaso du: Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Euskarabidea – Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko eta Beasaingo Udalak eta Euskal Kultur Erakundea.

Antolatzaileen helburua da BIHAR inflexio-puntu eta abiapuntu izatea, hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak berritzeko eta munduko komunitateen arteko elkarlana sendotzeko. Testuinguru geroz eta nahasiago batean, gure hizkuntzetatik eta kulturetatik mundu justuagoa, parekideagoa, iraunkorragoa eta askotarikoagoa jalgiaraztea da helburua.

Kongresuaren egitaraua :

  • Irailak 23 : BILBO (Euskalduna jauregia). Kongresuaren hasiera ekitaldia.
  • Irailak 24-25 : IRUN – HENDAIA. Egunean zehar Ficoban : hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak… Arratsetan Borderline fabrikan : kontzertuak, ikusgarriak, animazioak… urririk.
  • Irailak 26 — HENDAIA: a Hizkuntzen altxatze kolektibo & ibiltaria
  • dierazpenaren aurkezpena eta itxiera ekitaldia.

 

Mintzaldien, gaualdien eta mobilizazioaren egitaraua osoa kontsulta dezakezu HEMEN.