Hizkuntzen biziberritze prozesua hizketagai Biharko Taupadan

Hizkuntzen biziberritze prozesuetan, kontakizunak eta diskurtsoak etengabe aldatzen, egokitzen eta eguneratzen doaz.

Aurten, Taupadan, diskurtso horiek jarri dituzte erdigunean. Jardunaldia biziberritze prozesuan dauden Hego Globaleko hizkuntza komunitate gutxituen BIHAR nazioarteko kongresua-ren baitan kokatu dute.

Goiz osoko egitarauan, bereziki bi ekarpen nabarmendu nahi izan dituzte. Alde batetik, Hego Globaleko hizkuntza gutxituek garatzen ari diren kontakizun berritzaile eta interesgarriak ezagutarazi dituzte. Horretarako, BIHAR kongresuaren baitan egindako ikerketa aurkeztu dute; ikerketa horrek 70 bat hizkuntza komunitatetako diskurtsoak aztertu ditu ikuspegi intersekzional batetik. Lan hori 2026ko udaberrian zehar Euskal Herriko hainbat mugimendu eta eragilerekin partekatu dute, eta gogoeta saio horietan jasotako lehen emaitzak ere Biharko Taupadan aurkeztu dituzte. Bertaratutakoek, beraz, ikerketa bera ezagutzeaz gain, sozializazio fasean egindako hausnarketetatik ateratako lehen ondorioak entzuteko aukera izan dute. Ikerketaren emaitza osoak, ordea, irailean egingo den BIHAR kongresuan aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Bestalde, ikuspegi intersekzionala abiapuntu hartuta, hizkuntzaren inguruko kontakizunak antiarrazismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren diskurtsoekin nola uztar daitezkeen aztertu dute. Zer ikas daiteke mugimendu horietatik? Nondik elikatzen dira kontakizun horiek? Eta zer ekarpen egin diezaiokete euskararen biziberritzeari? Galdera horiei erantzuteko egindako hitzaldiak eta solasaldia ikusgai daude hemen.

Ikusi hitzaldi eta solasaldien grabaketak hemen.