Soziolinguistika Klusterraren nazioarteko jardunean, Network to Promote Linguistic Diversity (NPLD) sarean parte hartzea ez da soilik presentzia instituzional bat; etengabeko ikaskuntza eta ekarpen espazio bat da. Horren adibide nagusietako bat urtero antolatzen den NPLD-Coppieters Campus egitasmoa da, hizkuntza gutxituen inguruko eztabaida estrategikoak lantzeko topagunea.
Azken urteotan, NPLD–Coppieters Campusek hizkuntza gutxituen biziberritzearekin lotutako erronka garaikideak modu aplikatuan landu ditu. Horrela, Helsinkin egindako 2023ko edizioan (Managing Languages in the Field of Health & Social Care in Multilingual Communities) hizkuntzen kudeaketa aztertu zen osasun eta gizarte zerbitzuen esparruan; 2024an, Bartzelonan (Digitalisation, Artificial Intelligence and Languages: Overview and Opportunities), digitalizazioak eta adimen artifizialak hizkuntzetan dituzten ondorioak eta aukerak izan ziren ardatz; eta 2025ean, Frisian (Audiovisual Production in Minority Languages), ikus-entzunezko ekoizpenak hizkuntza gutxituen biziberritzean duen papera landu zen. Campusak hizkuntza komunitateek gaur egun dituzten erronkei erantzuteko espazio estrategiko gisa finkatu da; gai horiek parte-hartzaileen esperientzietatik abiatuta landu dira, ikuspegi aplikatua emanez.
Klusterrak aktiboki parte hartu du campus horietan, bai bere esperientzia partekatuz bai beste komunitate batzuen ekarpenetatik ikasiz. Horrela, euskararen kasua nazioarteko elkarrizketaren parte bihurtu da, eta aldi berean, beste testuinguruetako joerak eta diskurtsoak Euskal Herrira ekartzeko aukera izan da.

