Datorren irailean egingo den BIHAR Kongresua ez da ekitaldi isolatu bat izango, azken bi urteetan garatutako nazioarteko prozesu parte-hartzaile baten emaitza eta hurrengo urratsa baizik. Horregatik, kongresua aukera paregabea izango da orain arte egindako lanketa partekatzeko, hizkuntza komunitate gutxituen arteko elkarrizketa sendotzeko eta etorkizuneko erronkak elkarrekin lantzen jarraitzeko.
BIHAR ekimenak munduko hizkuntza komunitate gutxituak erdigunean kokatzen ditu, haien kontakizun eta diskurtsoak lehen lerroan jarriz. Elkarlanetik sortutako proiektu estrategikoa da, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Plazara kolektiboaren arteko lankidetzari esker martxan jarri dena, eta hasieratik erakunde publikoen babesa jaso du.
Egitasmoa hiru fasetan egituratu da. Lehenengoan, nazioarteko diagnostikoa landu zen. Horretarako, munduko bost kontinenteetako 70 hizkuntza komunitatetako diskurtsoak aztertu dira, hizkuntza gutxituen biziberritzaren inguruan partekatzen dituzten erronkak, ikuspegiak eta etorkizunerako gakoak identifikatzeko.
Bigarren fasean, diagnostiko hori Euskal Herrian sozializatu da. Horren baitan, euskalgintzako eta bestelako gizarte mugimenduetako eragileekin 20 lan-saio egin dira, nazioarteko ondorioak tokiko errealitatearekin kontrastatzeko eta hausnarketa kolektiboa sustatzeko. Prozesu horrek agerian utzi du euskararen biziberritzeak eta munduko beste hizkuntza komunitate batzuen esperientziek elkarrengandik ikasteko aukera handiak eskaintzen dituztela, eta hizkuntza biziberritzaren inguruko diskurtso berrituak eraikitzeko beharra gero eta handiagoa dela.
Orain, prozesuak bere hirugarren faseari helduko dio: BIHAR Kongresua. Irailean egingo den nazioarteko topaketa honek diagnostikoan eta sozializazio fasean jasotako ezagutzak partekatzeko eta kontrastatzeko aukera eskainiko du, munduko hizkuntza komunitateetako ordezkariak, adituak eta eragileak elkartuz. Kongresua ez da prozesuaren amaiera izango; aitzitik, elkarlan berriak sustatzeko, ikaskuntzak partekatzeko eta hizkuntza komunitate gutxituen arteko nazioarteko sarea sendotzen jarraitzeko abiapuntua izango da.
BIHAR Kongresuan parte hartzea bi urteko lanketa kolektibo baten emaitza bertatik bertara ezagutzeko eta etorkizuneko erronkei ikuspegi global batetik erantzuteko aukera da. Hiru faseko prozesu honen hurrengo pausoa izango den kongresuak hizkuntza gutxituen biziberritzaren inguruko ideiak, esperientziak eta aliantzak ehuntzeko gune paregabea eskainiko du.
Izen-ematea zabalik dago jada, eta antolatzaileek hizkuntza, kultura eta gizarte eraldaketaren inguruan lanean diharduten pertsona eta eragile guztiak gonbidatu dituzte BIHAR prozesuaren hurrengo urrats honetan parte hartzera.

