Zabalik dago jada BIHAR: Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua leloa izango duen Nazioarteko Kongresurako izen-ematea. Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak eta Plazara eragileak antolatutako kongresua irailaren 23tik 26ra egingo da Euskal Herrian, eta interesa dutenek webgunearen bidez eman dezakete izena. Kongresua doakoa izango da eta publiko guztiari irekita egongo da.
Antolatzaileek lehen egitaraua ere aurkeztu dute. Irailaren 23an egingo dute hasiera ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian. Ondoren, irailaren 24an eta 25ean, kongresuaren muina Irungo Ficoban garatuko da, hitzaldi, mahai-inguru eta tailerren bidez. Aldi berean, Hendaian kultur eta arte programazioa eskainiko dute iluntzeetan. Azken egunean, irailaren 26an, Hendaian bertan egingo dituzte manifestuaren aurkezpena eta itxiera ekitaldia, Europako egunen karietara.
Antolatzaileen esanetan, BIHAR kongresuak “inflexio-puntu eta abiapuntu bat” izan nahi du hizkuntza gutxituen inguruko diskurtsoak indartzeko, komunitateen arteko elkarlana sustatzeko eta hizkuntzen biziberritzerako bide partekatuak eraikitzeko.
Egitasmoak hainbat erakunderen babesa jaso du: Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Nafarroako Gobernua, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Beasaingo Udala eta Euskal Kultur Erakundea.
Informazio gehiago eskuratzeko, izena emateko eta egitaraua kontsultatzeko aukera dago Kongresua orrian.

