Galesen hizkuntzen erabilera neurtzen kalean

Hizkuntzen erabilera kalean behaketa bidez neurtzeko metodologia XX. mendeko 80ko hamarkadatik erabiltzen da euskal soziolinguistika. Ordutik hona, garapen metodologiko esanguratsua eta aplikazio praktiko garrantzitsua izan du, batez ere Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren bidez. Metodologia horren oinarria behaketa zuzena da: kalean gertatzen diren elkarrizketak aztertzea, hizkuntzen erabilera erreala neurtzeko.

2013an NPLD sarearen laguntzarekin Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntza erabilera behaketa bidez neurtzeko gida metodologikoa argitaratu zuen, euskaraz eta ingelesez, metodologia Euskal Herrian eta nazioartean zabaltzeko helburuz. Geroztik hainbat topaketa eta gune akademikotan aurkeztu izan da.

2024 eta 2025 artean gauzatu da Soziolinguistika Klusterrarentzat lehen esperientzia atzerriko kale neurketa bat bideratzen. Galesen egindako kale erabileraren neurketa ez zen ariketa isolatu bat izan, baizik eta testuinguru soziolinguistiko zehatz batean kokatutako esperientzia. Neurketa Ynys Môn uharteko bi herritan egin zen, non galeseraren presentzia historikoki sendoa izan den, baina azken urteotan erabileraren inguruko kezka areagotu den.

Ingurune horretan, hizkuntzaren erabilera soziala neurtzeko beharra agerian zegoen, eta horregatik erabaki zen euskararen kasuan garatutako kale neurketaren metodologia aplikatzea. Prozesua tokiko eragileekin elkarlanean egin zen, testuinguruari egokituz baina oinarri metodologiko sendo bati eutsiz.