Hitzargiak: elkar argitzen duten hizkuntzak

Donostia Europako Kultur Hiriburu izan zen 2016 urtearen bueltan garatu zen Hitzargiak egitasmoa Europako hizkuntza-aniztasunaren aldeko ekimena izan zen, biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateen arteko harreman berriak sortu eta jadanik existitzen direnak indartzeko.

Hiztun-komunitateek erabili izan dituzten mota guztietako jardunbide egokiak izan zituen ardatz proiektuak. Jardunbide horiek berritzaileak, egokiak, arrakastatsuak edota eredugarriak dira, bai sortu dituzten komunitateentzat, baita beste hizkuntza- edota hiztun-komunitate hainbatentzat ere.

Jardunbide egokiak ezagutzeak ondorio biderkatzaileak izan ditzake: esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, ikuspegi globala eta lokala uztartuz gainera, nazioarteko mugimendua sendotu.

Horrenbestez, jardunbide egokiak bildu eta webgunean erakusten ditu Hitzargiak proiektuak, bai eta hizkuntzak biziberritzen diharduten erakundeak elkarrekin harremanetan jarri ere. Jardunbide egokiak argi gisa daude ikusgai mapan, dagokien hizkuntzaren eragin-esparruan kokatuta.

Hitzargiak proiektuaren garapenaren mugarri gisa, 2016an Topaketa bat egin zen Hernanin, Euskal Herrian, bilduman jasotako hamarnaka jarduera aurkezteko eta jarduera horien bultzatzaileak elkartzeko aukera eman zuena.