BIHAR, lankidetzatik sortutako ekimena

BIHAR ekimenak munduko hizkuntza komunitate gutxituak erdigunean kokatzen ditu, haien kontakizun eta diskurtsoak lehen lerroan jarriz. Elkarlanetik sortutako proiektu estrategikoa da, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Plazara kolektiboaren arteko lankidetzari esker martxan jarri dena, eta hasieratik erakunde publikoen babes sendoa jaso du.

Azken bi urteetan, diagnostiko baten sorrera, honen sozializazio fasea eta nazioarteko kongresu baten antolaketa izan dira egitasmoaren ardatz nagusiak, proiektua nazioarteko begiradaren erdigunean kokatzeko eta euskararen aldeko eragileen kontzientzia kritikoa zein gaitasuna indartzeko helburuarekin. Prozesu horretan, agerian geratu da euskaldunek eta munduko hizkuntza gutxitudun komunitateek antzeko premiak eta arriskuak partekatzen dituztela, eta hizkuntza gutxituen biziberritzearen inguruko ohiko diskurtsoak ahultzen ari direla.

Testuinguru horri erantzunez, 2025ean Nazioarteko Diagnostikoa gauzatu zen, mundu osoko hizkuntza komunitateen esperientziak eta diskurtsoak bilduz. Bildutako edukietatik abiatuta, 2026an sozializazio fasea garatzen ari da, Euskal Herriko euskalgintzako zein bestelako gizarte mugimenduetako eragileekin gogoeta kolektiboa sustatzeko. Prozesuaren azken fasean, 2026ko irailean, nazioarteko kongresua egingo da, munduko hizkuntza komunitateak elkartuz eta hizkuntzen biziberritzari buruzko diskurtsoak erdigunean jarriz.

Egitasmoaren garapena eta nazioarteko dimentsioa posible izan dira babesleen ekarpenari esker. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Beasaingo Udala, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Kultur Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernuak babestu dute egitasmoa. Babes instituzional horri esker, BIHARrek hizkuntza gutxituen inguruko nazioarteko elkarrizketa sustatzeko eta komunitateen arteko sareak indartzeko bidea ireki du.